Beste behin ere zigorturik zegoen Adam, bere mihi solteak galduko zuela esaten zion amak, eta orain arte, ez zen gehiegi okertu. Carlo maisuaren ikasgaian harrapatu zuen irakasleak bera imitatzen eta gertakari hark ekarri zion zigorra gaurkoan. Seigarren hegaleko hiru solairu oso-osorik garbitzea, guztiz gehiegizkoa, kontuan izanda denek zoriontzen zutela bere imitazioen kalitateagatik. Irakasle batzuk ez zuten batere umorerik.
Adamek sekula ez zuen pentsatu bere etorkizuna Akademian egongo zenik, ikastea ez zen inoiz bere bokazioa izan baina gurasoek zerbait egin beharra zuten laugarren semearekin. Ez zegoen lurrik guztientzat.
Anai-arrebek aitoren seme-alaba izateaz gozatzen ariko ziren zegozkien ondasunetan, berak bitartean, akademikoek zeramaten tunika jantzi behar izan zuen. Bi urte ikasleen tunika lisoa zeramanetik, bordatu bakan batzuk josiak zituen ertzetan bere merezimendu urrien seinale zirenak. Eta oraingoan, belauniko zebilen, espartzu eta eskuilarekin korridoreko losak garbitzen. Zigorrengatik izango ez balitz ikasle bizitza ere ez zen hain txarra izango. Klaseak bai, aspergarriak oso, baina bazuen lagunekin elkartzeko astia, eta ehundaka ikasle bizi ziren hiriak aukera handiak eskaintzen zizkion probestu nahi zituen gazte gogotsuari.
Iluntzerako zigorrarekin amaitzea espero zuen, lagunekin karta-jokoa zuen hitzartuta betiko ostatuan. Zeinek jakin, agian gustuko zuen zerbitzaria bertan egongo zen muxuren bat edo beste lapurtzeko, orokorrean, karta jokoak galerak baino irabazi gehiago ematen zizkion.
Bere munduan sarturik jarraitu zuen korridorearen amaierara iritsi arte, egindako lanak besoa nekarazten hasia zion eta belauniko egondako denborak gerria mintzen hastea ekarri zion. Gurutzatzen zuen korridorearekin hasi baino lehen enborra luzatzen hasi zen Adam, giharrak ez uzkurtzeko beharra sentitu zuen.
Besoak luzatu orduko sentitu zuen kolpea eskuin sorbaldan. Talkaren biolentziak lurrera bota zuen eta atzera begiratu zuenean ihesi zihoan gizona ikusi zuen. Aho zabalik geratu zen Adam, gizon hura ia larru gorritan zihoan ziztu bizian, barneko arropa besterik zeramala eta ez zuen batere garbia ematen. Zutitu zenerako inor igaro ez balitz bezala zegoen korridorea, hori bai, berak garbituriko losetan oinen lorratza ikusten zen, “kaka” pentsatu zuen Adamek,
“orain berriro garbitu behar? Baita zera ere!”, eta hurrengo korridorera abiatu zen.
Izkina biratu zuenean metro gutxitara ageri zen argian ezarri zituen begiak, gelak atea zabalik zuen eta zuzien argia ikus zitekeen. Adam bertara gerturatu zen, gizon arrotzarekin izandako tupustak kirioak dantzak jarriak zizkion eta mantso-mantso ate ertzera inguratu zen. Barrura begiratu zenean aho zabalik geratu zen, lurrean maisu baten gorpua zegoen lepoa ezinezko angelu batean okertua zuelarik. Maisua zela tunikaren ertzeko bordatu konplexuengatik, gerriko apainagatik eta tunika erdiko bordatu aberatsagatik zekien Adamek, eta zalantzarik gabe, hilda zegoen.
–Alarma, Alarma!! Laguntza!! –Oihukatu zuen bildu zezakeen indar guztiaz–. Erasoa izan da, erasoa!! –Ate ertzean geratu zen iltzaturik–. Hiltzailea dabil Akademian, hiltzailea!!
● ● ●
Gariri erronda suertatu zitzaion gaurkoan, Mikek txanda aldatu zion neska-lagunaren urtebetetzearen ospakizunak zirela eta. Garik mesedea zor zion, aurrekoan lagunak bete baitzuen aurrekoan berak utzitako hutsunea.
–Hura bai festa! –Esan zuen ahopean–. Esnatu nintzenean nuen bestondoarekin ezin nintzen mugitu ere egin, eskerrak nire txanda bete zuela, bestela kale gorrian nengoke jada.
Parrandako xehetasunez oroitu nahirik jarraitu zuen hirugarren solairuko erronda. Bat-batean zalaparta sortu zen solairuko punturen batean.
–… Akademian, hiltzailea!! –Aditu zuen Garik.
Momentu horretan atzeko korridorean oinen hotsak aditu zituen, norbait lasterka zebilen. Gerrikoan zuen borra gogor eutsi zuen airera ateratzen zuelarik, bitan pentsatu gabe korrika hasi zen ahotsen atzetik.
Aurreko izkinan biratu zuenean ikusi zuen gizona aurrez aurre.
–Geldi zaitez! Geldi!! –Oihukatu zion tentsioz beterik–. Geldi guardiaren izenean! –Barruko arropetan zegoen gizona eta Gari urduritu egin zen, “neguan eta larru gorritan?”.
Beldurra aurpegian zuela ezezagun hark ondoko atea ostikoz zabaldu zuen eta bertara sartu zen tximista bailitzan. Garik zalantzan geratzeko astirik gabe bere atzetik sartu zen gela hartan. Gela hutsik zegoen, zorionez ez zegoen ikaslerik barruan, ikasleen logela baitzen. Albo guztietara begiratuz pareko leiho irekietatik ihes egina zela ondorioztatu zuen.
Guardiak beldurra gaindituz bertatik atera zuen burua eta hantxe ikusi zuen gizona, goiko solairuko erlaitzetik helduta mugitzen ari zen behean zegoen metrotako erorketara begiratu gabe. Garik madarikazioak botata atzetik joatea erabaki zuen, leihora igo eta erlaitzera ondo eutsiz hankak atera zituen. Paretak bazuen irtengune bat azpialdean oinak sostengatzeko, eta bertatik jarraitu zion susmagarriari.
Ezezagunak metro batzuk aurrerago leiho ireki batera salto egin zuen, barrualdetik ustekabe oihuak entzun ziren. Garik abiadura azkartzen saiatu zen, baina ez zen batere erraza, pausu oker bat eginez gero bereak egingo baitzuen.
Leihora iritsi zenean bera ere bertatik sartu zen, bertan ikasle bat zegoen belauniko lurrean etzanda zegoen beste baten ondoan. Berehala ezagutu zuen guardia uniformea Gari ikustean
–Laguntza! Gizon bat sartu zaigu eta Mary kolpatu du, uste dut konortea… –hasi zen ikaslea hitz bata bestearen atzetik botaz.
–Nondik joan da? –Moztu zion Garik berehala–. Zein aldetara egin du?
–E e e… ez dakit… –erantzun zuen ikasleak beldurturik Gariren zakarkeria ikusita–. Mary…
Erantzunik eman gabe aurrera jarraitu zuen gelako ate irekia zeharkatuz, bi alboetara begiratuz berehala entzun zituen eskuinaldetik zetozen txilio eta garrasiak. Agerikoa zen bertatik joana zena, egunero ez zen halako ustekaberik gertatzen akademiaren barrenean.
Korrika bizian abiatu zen, laster iritsi zen elkarrizketa bizian zebiltzan ikasle taldetxo batengana. Hauek ez zuten zalantzarik egin.
–Goranzko eskilarak hartu ditu jauna! –Esan zuen urre koloreko iledun neskatxa batek besoaz aurrean zeuden eskilarak adieraziz.
Eskerrak emateko astirik hartu gabe jarraitu zuen garik aurrera, eskailera-mailak binaka igoaz arnasestua iritsi zitzaion berehala “gero ta okerrago nabil, zahartzen ari naiz” pentsatu zuen. Baina ez zebilen hain gaizki, azken solairura iristerako ikusi zuen gizona.
Gaztea ematen zuen, baina hezur eta azal besterik ez zen. Agerikoa zen ahul zegoela, eskilarak igo eta gero ia arnasa hartu ezinik zebilen eta abiadura moteldua zuen honezkero.
–Geldi goardiaren izenean! –Oihukatu zuen Garik.
Ezezaguna asaldaturik atzera begiratu zuen, begiak zabal zabalik zituela abiadura handitzen saiatu zen baina agerikoa zen nekeak gainezka egingo ziola. Gari atzetik joan zitzaion, nekatuta bazegoen ere aurkaria baino forma hobean zegoen eta gaizkileari distantzia jaten hasia zen.
“Zer dira bizkarrean dituen orbain horiek? Hamarnaka ditu! Puntuak zituen gerrialdean? Zauri hori berria da!” pentsatu zuen aurkariaren azala gertuagotik ikustera iritsi zenean. Bitartean, korridorean zehar aurrera jarraitzen zuten bata bestearen atzetik, laster iritsiko ziren amaierara eta orduan harrapatuko zuen. Hegalaren amaiera zen eta bertaz ez zegoen ihesbiderik.
Hala ere gizon hura ez zen errenditu, azkeneko gelan sartu zen. “Inork ez du bere gelako atea giltzaz ixten?” pentsatu zuen haserre, bazirudien jazarraldi hura ez zela sekula amaituko. Guardia bere atzetik sartu zen baina ez zen iritsi gizon hura baino lehenago leihoa zeharkatzera.
–Ze arraio! –Desesperazioak jota etsi baino lehen, bera ere leihotik atera zen eta susmagarriak teilatura igotzea lortu zuela ikusi zuen. Arnasa sakon hartu ondoren, heriotza ekarriko zion altueraren aurrean zirkinik egin gabe erlaitzera heldu eta salto batez teilatuan ezarri zen.
Gizona geldirik zegoen pareko teilatu ertzean.
● ● ●
Marian bere gelan zegoen Koroanoven azken lana irakurtzen, Espezie ezberdinen aldaketen gaineko hausnarketa ikerlana interesgarria ari zitzaion suertatzen. Zenbait aspektutan kritika zorrotzak egiten zizkion Marianek baina planteaturiko zenbait aspektu interesgarriak ziren. Adaptazioa aldaketaren motore bezala agertzea guztiz berritzailea zen eta ezarririko dogmekin apurketa bilatzen ari zen Koroanov aditua. Marianen ikerkuntzek antzerako bidea jarraitzen zuten eta bere behaketek langundu zezaketen teoria froga…
–… Akademian, hiltzailea!! –Entzun zen Marianen gelatik oso gertu.
Arrapaladan altxatu zen maistra bere jarlekutik, mahaia liburuz eta dokumentuz betea zuen inolako ordenarik gabe barreiatuak, eta korrika batean joan zen atearen beste aldera. Karl maisuaren gelako atea irekia zegoen, bertatik zuzien argi dardaratia ikus zitekeen eta bere aurrean ikasle bat geldi-geldirik. Tunika lisoa ikusita ikasle bat zen zalantzarik gabe eta bordatu urriek erakusten zuten ez zela oso aplikatua.
–Zer gertatzen da hemen halako zalaparta sortzeko? Akademian ez dugu ikasketetarako beharrezkoa den lasaitasuna apurtzerik onartzen, arrazoi onen bat beharko duzu… -hasi zen Marian esaten baina ikasleak burua beragana itzultzean ikusi zuen beldur aurpegiak bat-batean mututu zuen.
–Maistra… barruan… irakasle… gorpua… -shock egoeran zegoela zirudien, esaldi koherenterik ezin ahoskatu zebilen.
–Utzidazu! –Agindu zion zakarki albo batera bultzatuz, ez zirudien ikasle oso argia zenik ez.
Barruko egoera ikustean zur eta lur geratu zen Marian, Karl Berner maisuaren gorpua ikus zitekeen lepoa apurturik, begiak zabal zabalik zituen sabaira begira ezer ikusten ez zuelarik. Zalantzarik gabe, hilda zegoen.
–Zer gertatu da hemen? –Galdetu zion atean jarraitzen zuen ikasle dardaratiari.
–Ez… ez dakit, gizon batek jo nau ihesean zebilela eta nondik irten den ikustean honekin topatu naiz andereño. Zin dagit ez dudala ezertxo ere ukitu! –Hasi zen ikaslea aurpegiko kolorea berreskuratuz eta bereganako konfiantzaren jabe eginez.
–Segi guardiaren bila! Ezin dugu gela hau kuxkuxeroz betetzen utzi eta diozuna ala bada gaizkilea harrapatu beharra dugu –agindu zion Marianek, ikaslea geldi geratzen zela ikusirik…–. Bizkor!! –Eta ikaslea korrika batean abiatu zen korridorean.
Bitartean, Marian ez zen ezer egin gabe geratu. Gela osoan zehar igaro zuen bere begirada, Berner maisua nahiko isila eta itxia zen baina Marianek ezin zuen ulertu zer ezkutatu zezakeen halako heriotza bortitza jasateko. Ahalik eta elementu gutxien ukitu gabe, ikertzaile eta behatzaile gisa urteetako esperientzia duenaren eran, krimenaren arrastoen bila hasi zen.
Mahaia mugiturik zegoen, apalategi bat eroria zegoen hamarnaka liburu lurretik barreiaturik utziz, odol arrastoren bat edo beste; argi geratzen zen maisuak erasotzailearekin borrokatu zuela eta prozesuan gela hankaz gora jarri zutela. Itxaron apur bat, zer zen hori?
Aurreko paretaren azpian hauts eta harri txintxarren arrastoa ikus zitekeen, kokaturik zegoen formagatik ate baten irekierak utz zezakeen kurbadura zirudien. Marianek pareta ukabilarekin kolpatuz entzun zitekeena aztertzen hasi zen, bere harridurarako berehala konturatu zen pareta horren atzean hutsuneren bat bazegoela egiten zuen soinuagatik. Pareta faltsu bat izan zitekeen?
Berehala hasi zen maistra pareta osatzen zuten harri guztiak aztertzen, atzean gelaren bat ezkutatzen bazen bertan behar zuen gakoa, irekiera sistema topatzea zen sekretuaren koxka.
Paretaren ezkerraldean, zazpigarren ilaran zegoen harri laukia bultzatzean lortu zuen bilatzen zuena. Harria barrurantz sartu zen eta olioztatu gabeko txirrika batzuen soinuarekin paretak metro bat inguru egin zuen atzera pertsona batentzako pasabidea erakutsiz.
Marianek bertatik iristen zen gelako paisaiarekin topo egitean konturatu zen ezingo zuela ikusitakoa bere amesgaizto guztietatik kendu.
Pareta guztiak zeuden apalez beteta, apal guztietan ontziak zeuden, ontzi guztiak likidoz beteta eta likido hauen barruan gizakien organoak ikus zitezkeen. Giltzurrunak, birikak, hesteak, pankreak, begiak, mihiak, burmuinak… giza organo guztiak zeuden bertan, hezur ezberdinez gain. Eta erdian ebakuntza mahaia ikus zitekeen odolez zikindurik, mahaiaren azpiko lurreko harria ilundurik ageri zen egindako ebakuntzen ondorioz. Zenbat gorpu ireki ote ziren bertan?Alboan mahaitxoetan medikuntza tresneria txukun-txukun antolaturik ageri zen. Gizaki bat xehetzeko orduan ez zen tresneriarik falta gela hartan.
Karl Berner maisuak erregela guztiak apurtu zituen, bere medikuntza lanetarako gizakiak erabili zituen eta azkeneko gertakariak ikusita eta organoen egoera ikusirik, gizaki biziekin esperimentatu zuela agerian geratu zen. Guardia bilatzen arituko zen gaizkilea beraz…
● ● ●
Gizonaren begiak Gary zaintzailearengan zeuden erabat finkaturik.
–Ez duzu ihesbiderik! Entregatu zaitez eta justiziak epaituko du eragin duzun kaltea –hasi zitzaion Gary pausu geldoz gaizkilearengana hurbilduz. Negoziazio prozesuan huts egin ezkero aukera zegoen susmagarriak salto egiteko. Begirada hark transmititzen zuen izuak ezinegona sartzen zion guardiari. Begirda hark gainezka eginiko nortasun apurtu bat erakusten zuen. Ez zegoen burutik sano.
–Ez nauzue berriro atzemango! –Oihukatu zuen iheslariak–. Horra itzuli baino lehenago neure buruaz beste egingo dut!
–Lasai gaitezen –hasi zen Gary, “berriro atzeman? Zertaz ari da?” –. Etorri nirekin eta gertaturiko guztia argituko dugu.
–Ez naiz horra barrura itzuliko! Hitz politez mintzo zarete baina zuen barruan gaizkia bizi da! –Pausu bat atzera eman zuen ertzera gehiago hurbilduz.
–Nik dakidan bakarra da, Akademiako kide ez den gizon bat ihesean aritu dela, zeozer ezkutatzeko ez duenak ez du agintearen aurrean ihes egiten.
–Arrazoi duzu, ihesaldiarekin amaitzeko ordua da. –Esan zuen ahots leunez bere buruarekin bakea egin izan balu bezala.
Garyk zetorrena susmatuz aurrerantz abiatu zen eta gutxigatik izan bazen ere ez zuen gizon haren gorputza hatz puntekin ukitzera iritsi teilatutik salto egin zuenean. Hegaldi labur baten ostean entzun zen zartada lehorrak gorpua zerraldo utzi zuen eraikinaren lorategian.
● ● ●
Berner maisuaren gela erabat itxi zenean, eta bertan gertatutakoaren berri izan zuten gutxien isiltasuna bermatu zenean, Akademia lasaitasunera itzuli zen. Gertaturikoaren inguruko zurrumurruak gero eta ahulagoak bilakatu ziren eta entzun zitezkeen istorioak gero eta fantastikoagoak bilakatu ziren.
Lorategian jaso zen gorpua berriz, medikuntza ikasleen eskuetara iritsi zen. Bertan barne azterketak egiteko eta ikasleen ezagutzak aberasteko organo zein aparatuak disekzionatu ziren eta kontserba likidoan kontserbatu ziren kristalezko potoetan.
Akademian ikasketa eta ikerketa ziren jarduera guztien helburua.
OPINIONES Y COMENTARIOS