Hotza, iluntasuna, gosea, bakardadea. Horiek dira nire aurreko bizimodua deskribatzeko erabiliko nituzkeen hitzak; izan ere, nire bizitzako lehenengo urteak kalean eman nituen, kale gorrian jaio eta hazi nintzen. Latza izan zen aro hura; baina, behin, egunsenti batean, zakar pila artean janari bila ari nintzela, bi esku bero eta suabe sentitu nituen nire gorputza besarkatzen, eta handik aurrera guztia aldatu zen. Zeharo aldatu, gainera.
Aurretik ezagutzen ez nituen gozotasunez disfrutatzen hasi nintzen, sentsazio berri pila esperimentatu nituen; baita mokofinen bizimodura aise moldatu ere. Baina, bizitza ez da beti guk nahi dugun modukoa eta aldaketak nahitaezkoak dira, hots, lurrak bira egiten duen heinean, gure barne munduak ere goitik beherako aldaketa jasan dezake.
Argi gogoratzen ditut etxe hartan emandako lehenengo egun leunak. Guztia zen distiratsu eta xarmangarri. Janari gozoa katiluan, laztanak une oro eta kezkarik ez. Nire lekua aurkitu nuelakoan nengoen. Hango erregina sentitzen nintzen. “Pittin” entzutearekin jaramon egiten ikasi nuen, “polit” edo “maitea” ahots eztiaz entzutearekin ere bai. Nire izen berria edo, hobeto esanda, nire izen bakarra jaso bezain pronto gustatu zitzaidan. Pittin ahoskera ederra zeukan, maitasunez betea. Halaber, nahi nuen guztia egin nezakeen eta dena txalotzen zidaten. Izarekin borrokatu, haien entsaladako tuna jan konturatzen ez ziren bitartean, dutxa barruan lo hartu, area kutxatik atera eta abarreko pila. Edozein gauza ondo zegoen. Ni baldintzarik gabe maite nindutela sinetsi ere, sinetsi egin nuen.
Gero, zenbait hilabete igaro ostean, egoeraren epeltasuna desagertzen hasi zen. Ez nintzen ia ohartu ere egin, hots, poz-pozik jarraitzen nuen etxeak ematen zizkidan jolas-aukerak bilatzen. Tamalez, egun batean, nire pilotarekin gora eta behera tarte luzea eman ostean, ura edatera joan eta bai ur− bai janari-katiluak hutsik aurkitu nituen. Non da ura? Non janaria? Horien zain gelditu beharrean, bila joatea erabaki nuen; gainera, modu hartan, bide batez, mainatxo batzuk jasoko nituela pentsatu nuen. Horra hor nire sorpresa eta ikara, maitasun seinaleen ordez, oihuak eta bultzadak aurkitu nituenean. Ikasbide garrantzitsua izan nuen egun hartan; gauza gutxi dira betiko eta beti daude baldintzak.
Gertakari horri jarraitu zizkioten egunak ez ziren hobeak izan. Etxean ohitura bilakatu ziren garrasiak eta, zenbaitetan, kolpeak ere entzuten nituen. Halakoetan, ohe azpian ezkutatu eta lasaitasunaren zain geratzen nintzen. Hala ere, ezin nuen alde egin; egun batean infernua izandako kalea irtenbide bilakatu zen orduan.
Alde batera baztertua gelditu nintzen. Nolatan izango da ba garrantzitsua animalia bat gizakien munduan? Gizakien herrian, lehen, bigarren eta hirugarren mailako arimak daude, guztia mailakatzeko beharra baitute pertsonek. Esate baterako, Lehen eta Hirugarren Mundua; lehen eta bigarren mailako jakiak, autoa, etxea edo bestelako edozein eduki; eta lehen, bigarren eta hirugarren mailako kirol-taldeak. Zaila da eskailera horretan gora egitea, ezinezkoa ere zenbaitetan. Dena dela, ba al dakizue zer den okerrena? Askotan jaiotako maila horretan gelditu behar garela sinestarazten digutela; maila horiek guztiak benetakoak izango balira bezala. Gure bizitza gizarteak sortutako mapa-kontzeptual bidegabe horretara moldatu egiten dugu, eta, hori sinetsita, gezurrean bizitzea erabakitzen dugu (kontziente ala inkontzienteki). Hortaz, sinesmena egi bihurtzen dugu.
Dena den, ni katua baino ez naizenez, ez dut horrelako hausnarketarik egiten, pertsonen mundu konplexu horretatik at nago, zorionez. Edonola ere, sentimenduak ditut, eta nire inguruan gertatzen dena ulertzeko gaitasuna daukat, nahiz eta gizakien erara ez antzeman.
Beraz, esan bezala, hor nengoen ni, maitasunik gabeko etxe batean gatibu. Egunak joan egunak etorri, konturatu nintzen nire gurasoak bilakatutako bikotearen harremana desorekatua zela. Bikotekide txikienak ordu luzeak ematen zituen etxean, zigortuta edo ezkutatuta zegoela zirudien. Etxean biok bakarrik geratzen ginenean, deika hasten zitzaidan «Pittin…maitia, non zaude?». Nire ezkutalekutik ateratzen nintzen orduan. Maddik bere gainean jartzen ninduen, astiro eta maitasunez laztantzeko gero. Baina haren laztanen mugimendua mekanikoa zen, eta horien bitartez transmititzen zidana tristura eta erremin sakona baino ez ziren. Askotan, bere magalean igarotzen nituen orduetan zehar, negarrez ere entzuten nuen, malko-tantak nire bizkar iletsua busti bitartean. Eta atea irekitzen zen bakoitzean, bere gorputza tenkatuz eta dardara batean sentitzen nuen.
Bikotekide bizardunak, aldiz, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen zuen, bere bizikidearen azalean agertutako ubeldurak eta zauriak ikusiko ez balitu bezala, bera horretatik guztitik at egongo balitz lez. Are gehiago, poz-pozik azaltzen zizkigun lanean eta lagunekin gertatutakoak, astebururako planak, jatea gustatuko litzaiokeena eta abarrekoak. Maddik eta biok mutu entzuten genituen bizardunaren azalpenak, eta Maddik, nekez, irribarre bat oparitzen zion. Nik, egoeraren parte-hartzaile pasiboa izanda ere, tristura sakona nabaritzen nuen amatxoren begiradan, ezin baitzuen ahaztu aurreko gauean gertatutakoa.
Hilak joan ziren eta etxeko giroa ezin okerretik okerrera joan zen. Maddi jada ez zen etxetik ateratzen, oso argal zegoen, bere ekintza bakarrak ni zaintzea, sukaldatzea, etxea txukuntzea eta erosketak internet bidez eskatzea ziren. Aurretik izandako harreman guztiak galdu zituen, lana utzi eta sakelakoa tiraderan betiko gorde zuen. Bere habitat berria osatu zuen bere inguru tamalgarrian eta bihotz zaurituan geratzen zitzaizkion zatitxo minduekin. Amatxok bere buruari sinestarazi zion egokitutako egoera berri hura merezi zuela, eta bere izaera galdu zuen. Zin dagit aurretik ezagututako Maddi bueltarazten saiatu nintzela; berarekin goiz eta arratsaldez jolastu nuen, bakardadea uxatu nahian; miauka eta urrumaka bere inguruan bueltaka ibili nintzen, maitasuna zer zen gogoraraziko niolakoan; armairuko atea ireki eta kaleko atera hurbiltzen nintzen, jantzi, atera eta laguntza eskatu zedin, baina dagoeneko Maddi joana zen.
Arratsalde ilun batean, askotan gertatu ohi moduan, kolpeak hasi ziren. Maddik isilik jaso zituen lehenak, baita gerokoak ere. Baina momentukoa gehiegi luzatzen ari zela nabaritu nuen, bai eta bere begirada ilunean ikusi ere. Gaurkoa behin betikoa zirudien. Amaiera. Gizonaren begiek transmititzen zutena, aldiz, ulertezina zen, hutsik zeuden. Edo agian, ez nintzen begirada hura ulertzeko gai. Beharbada, gorrotoa zen. Ala monotonia, batek daki.
So jarraitu nuen, belarriak tente, ni inoiz maite izan nauen gizaki bakarraren azken hatsa entzun, sentitu nuenean. Maddik, lurrera erortzearekin batera, atea ireki zuen, horrenbeste denboran zehar zeharkatu ez zuen irekidura, hartu ez zuen aukera niri eskainiz.
Senari jarraituta, bere gorputzaren gainetik igaro nintzen eta, segundo batez, laster desagertzen hasiko ziren bere lurrina eta beroa jaso nituen. Opari preziatu horiek eramateko aukera eman zidan amatxok. Lorategian nengoela, Aitorren/ Franciskoren/ Steven/ Abdellaren/ Kaluren/ Xiren negar hutsa entzun nuen. Edozein izen, baina errealitate bera. Patriarkatuaren ondorio latza eta krudela.
Bihar, egunkarietan idatziko dute genero indarkeriaren erruz emakume gazte bat hil dela. Hurrengo astean, Maddi ahaztuta egongo da. Eskerrak katuok egunkaria irakurtzen ez dugunik, eskerrak gizakien “mundua” ezagutzen ez dugula.
OPINIONES Y COMENTARIOS